Ebola: ezohiko infekzioa, ohiko neurriak

Dibulgazioa

Amaia Portugal

Basoetakoa omen zen birusa hirian da. Azken asteotan, ebolak kutsatutako berrehun lagun baino gehiago zenbatu dituzte Ginean eta Liberian. Hark eragiten duen infekzio gaitz larriak mendebaldeko Afrika serio kolpatu du lehenbizikoz, baina ez hori bakarrik: Konakryra iritsi da, ia bi milioi biztanle dituen Gineako hiriburura, eta ezohikoa da hori. Hala ere, Munduko Osasun Erakundeak emandako datu berrienen arabera, badirudi egoera egonkortu egin dela azken egunetan.

Ebolaren birusak izen gaztea du. Ziurtzat jotzen da lehendik ere hark eragindako infekzio eta heriotza kasuak izan direla, baina 1976ra arte ez zuten ofizialki identifikatu. Guillermo Quindos EHUko Mikrobiologia katedradunak azaldu bezala, Kongoko Errepublika Demokratikoan (lehen, Zaire) dagoen Ebola ibaitik datorkio izena: “Lehenengo epidemiak Afrika erdialdean hasi ziren, Kongo ibaiaren adarra den Ebolatik gertu. Ekuatoretik hurbil dago, baso dezente dagoen zonalde batean. Nahiz eta bere jatorria ez oso garbi egon, birusaren gordailu izan daitezkeen animaliak daude jomugan, eta badirudi saguzarrak izan daitezkeela”. Itxuraz, gaixo dauden animaliak ukituta edo janda (transmisioa fluidoen bidez gertatzen da) kutsatzen dira gizakiak.

Hori horrela, basoetatik gertu eta nahiko ingurune isolatuetan bizi diren giza taldeetan identifikatu izan dira ebola kasu gehienak. Ziurrenik horri esker, infekzioak ez ditu triskantza handiagoak eragin. Izan ere, ebolak eragindako hilkortasun tasak ikaragarriak dira (% 90era artekoak, motaren arabera), baina datu soilei erreparatuta, zera ikusten dugu: 1976az geroztik 25 agerraldi izan ditu birusak gutxi gorabehera, 2.000 lagun pasatxo kutsatu ditu guztira, eta horien artean 1.300 inguru hil ditu. Zifra absolutuak txikiak dira, heriotza kasuen proportzioa da deigarria hemen.

Ebolaren birusa (Irudia: Centers for Disease Control and Prevention / CC BY-SA 2.0)
Ebolaren birusa (Irudia: Centers for Disease Control and Prevention / CC BY-SA 2.0)

Izan ere, aurrea hartzen ez bazaio, ebolaren birusak gorputzari ematen dion astindua handia da oso. Quindosek dioenez, “gizakiengan diagnostikatu diren kasuetan, hasieran, gripea dirudi. Sukarrak gora egiten du, dardarak eta hotzikarak hasten dira, buruko eta artikulazioetako minak, goragalea ere ohikoa da…”. Baina gripearekin nahastu daitezkeen sintoma horiek gertatu bitartean, birusa zeluletan sartzen ari da, eta oso azkar ugaltzen. Horren aurrean, gorputzak bonba baten moduan erantzuten duela azaldu du Quindosek: “Nolabait, birusak gure erantzun immunitarioa manipulatzen du, berak nahi duena egin dezan. Orduan, birusak zelulak hausten ditu, baina erantzun immunitarioak beste hainbeste egiten du, aldi berean”.

Hala, gripea dirudien gaitz horrek okerrera egiten du astebeteren ondoren. Hemorragiak ezkutatzen dituzten orbanak lehenik, eta era guztietako odoljarioak gero. “Gaixoak likidoak eta odola galtzen ditu pixkanaka, eta azkenean shock egoera baten moduko erreakzio bat gertatzen da, eta hil egiten da”, esan du Quindosek.

Gaur egun, ebolaren birusak ez du txertorik, ez eta sendabide espezifikorik ere. Baina beste edozein infekziori aplikatzen zaizkion neurriak baliagarriak dira kasu honetan ere. Hasteko, prebentzioa: “Eskuak garbitzea da neurri erabilgarrienetako bat, birus asko deuseztatzen direlako horrela. Berez, profesionalek gaixo hauek artatzen dituztenean, isolatu egiten dituzte, transmisioa kontaktu bidez ematen baita gehienbat”.

Ebolaren birusarekin ez kutsatzeko neurriak hartzen, Ginean (Irudia: European Commission’s Humanitarian Aid and Civil Protection department / CC BY-ND 2.0)
Ebolaren birusarekin ez kutsatzeko neurriak hartzen, Ginean (Irudia: European Commission’s Humanitarian Aid and Civil Protection department / CC BY-ND 2.0)

Eta jarraitzeko, diagnostiko eta erantzun goiztiarra: ahaleginak eta bi egin behar dira gaitzari gripe moduko fase horretatik harago joaten ez uzteko. Quindosen arabera, “gaixoa goiz artatzen badute, bizi konstanteak mantendu eta hidratazioa bermatzen bazaio, horrek guztiak asko laguntzen du. Azken epidemia honetan ikusten ari gara hori. Onik ateratzen ari diren gehienak hasierako sintomak izan zituzten unetik bertatik artatu dituztelako ari dira sendatzen, zorte hori izan dute. Beti bezala, denbora alde dugunean errazagoa da osatzea, tratamendu espezifikorik ez dagoenean ere bai”.

Ginea eta Liberia jo dituen azken agerraldi honen kasuan, identifikatu duten ebola birusa mota guztietan hilgarriena da. Hala ere, hilkortasun tasa % 60aren bueltan dago une honetan. Zifra handia da oso, baina askoz ere handiagoa izan da beste kasu batzuetan, % 90era artekoa. Asko dago egiteko oraindik, baina bidean ikasitako neurriak ari dira emaitzak ematen, pixkanaka.


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.


KZJaia2Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.