Asteon zientzia begi-bistan #20

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien bilduma. Begirada bat emango diogu?

crostata-albicocche zientzia begi-bistan 20

Bakterio batzuek antibiotikoekiko erresistentzia garatu dute, eta, ondorioz bakterio horiek tratatzeko beste bide batzuk jorratu behar dira. Horretan dihardu Haritz Sardon kimikaria Polymat Institutuan, bide berriak aztertzen. Ikerlariak haren lanean ikusi duenez, material polimerikoek eraso diezaiekete bakterioei beste modu batean. Amaia Portugal kazetariak hitz egin du berarekin eta honen berri ematen digu Berrian: Mutatzeko tarterik ez uztea da gakoa.

Koldo Garcia biologoak eta honen lankideek bi galderei erantzuteko asmoz, ikerketa bat abiatu zuten orain dela urte batzuk: Erretrobirus endogenoak geneetatik gertu agertzen al dira beste espezie batzuetan bezala? Erretrobirus endogenoak aktibo al daude edo genomak haren aktibitatea ekiditen dute? Edonola blogean kontatzen ditu ikerketa honen emaitzak eta istorioa: Erretrobirus endogenoak eta behien genoma: maitasun-gorroto istorio bat.

Zergatik gara ergelak gizakiak? Nola liteke espezie batek bere burua suntsitzen duten ekintzak aurrera eramatea? Azal al daiteke hori zentzuzko argudioren batekin? Zalantzarik gabe, bai. Josu Lopez-Gazpio ikertzaile gazteak Carlo Maria Cipolla ekonomia-historialariak 1988an argitaratu zuen lana aintzat hartuta “ergelkeriaren oinarrizko legeak”, azalpen bat ematen digu Zientzia Kaiera blogean: Ergelkeriaren balizko azalpen zientifiko bat.

Zientzia-fikzioa ez da soilik pelikula edota literatur generoa. Fikzioa zientzian ere lantzen da eta horretaz hitz egin digu Amaia Portugalek Zientzia Kaierako Fisika kuantikoaren arauak hausteko agertoki bat artikuluan. Kazetariak EHUko Enrique Solano fisikariaren lanari erreparatu dio. Simulagailu kuantiko bat garatu dute: “ezinezko fisikaren antzoki kuantikoa” Solanoren hitzetan. Bertan egiten dena fikzioa omen da, izan ere atomoei eta fotoiei fisikaren oinarrizko legeen kontra doazen gauzak eginarazten dizkiete.

Kukuak beste hegazti-espezie batzuen habietan hazten dira. Kuku-emeak bera hazi zuen espezieko txorien habiak bilatu eta han uzten du arrautza. Baina amaordea berea ez den arrautza bereizteko gai da sarritan. Bereizketa-estrategia horiek ikertzeko software bat garatu dute Harvard Unibertsitatean eta Nagore Rementeriak ematen du honen berri Elhuyar aldizkarian: Kukuaren amarrua agerian uzten duen softwarea.

Aztarna gehiago aurkitu ahala neanderthalen itxura nolakoa ote zen irudikatzen hasi gara. Hori dela eta berreraikitze lanak nagusitu dira azken urteotan. Hasieran egin ziren berreraikitzeetan, tximino itxura ematen zitzaion Neanderthal gizakiari. Denborak aurrera egin ahala, gure antza hartzen joan da eta badirudi denak ez daudela joera honekin ados. Javier San Martin kazetariak neanderthalen ezaugarriei erreparatu die eta Zientzia Kaieran plazaratzen dizkigu: Horrela lortzen da neanderthal bat.

PLOS ONE aldizkarian apirilean plazaratu zen txosten batean baieztatzen da plastikoen eta arrantza-tresnen hondarrak direla uretan gehien ikus daitezkeenak. Izan ere, itsasoa gizakion zabortegia dela dirudi. Ana Galarragak, Malaspina espedizioak hondakin plastikoei buruz emandako azken datuak biltzen ditu Elhuyar aldizkariko Hondakin plastikoak, Lurreko ozeano guztietan artikuluan. Bertan azaltzen denez, “ozeanoetan hondakin plastikoen bost eremu handi daude, eta eremu horiek bat egiten dute azaleko uren zirkulazio-aldaketekin”.

Praileaitz kobazuloan lanean hasiko dira berriz Aranzadiko ikertzaileak. Erdi Paleolitoko aztarna gehiago aurkitzeko helburua izateaz gain, kobazuloaren bigarren atea edo sarbide baten bila abiatuko dira, nahiz eta, haien ustetan zaila izango da aurkitzea. Dirudienez, Praileaitz xaman edo aztiak erabiltzen zuten errituak egiteko. Ane Urrutikoetxea kazetariak dakarkigu informazioa Berrian: Praileaitzen atzeko atearen bila.

Beldarrak funtsezkoa dira konpostajean. Zer egiten dute? Beldarrek materia organikoaren konpostaje-prozesua azkartzen dute. Jon Ander Galarraga biologoak azaltzen digu Konpostazank! blogean: Beldarrak, konpostagailuko gakoa.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.