Asteon zientzia begi-bistan #21

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien bilduma. Begirada bat emango diogu?

Irudia: Iñaki Altzerreka
Irudia: Josi Altzerreka

Ozeanoak plastikoz beteta daude. Malaspina itsas-espedizioak ur azalean dagoen plastiko kopurua kalkulatu du eta emandako datuen arabera, 1970tik aurrera itsasora bota den milioi bat tonatik egun, 7.000 eta 35.000 tona artekoa da guztira ur azalean metatuta dagoen kopurua. Dirudienez, milioi bat tona horretatik falta dena itsas hondora joan da eta horrez gain, behin plastikoa zati txikietan desegin ondoren, arrainek irentsi dute. Guztia azaltzen digu Amaia Portugalek Berrian: Ozeano bete mikroplastiko.

Eta ozeanoen osasunez gain, Amaia Portugalek Lurra eguzkitik babesten duen eremu magnetikoaren osasunari erreparatzen dio Zientzia Kaiera blogean. Europako Espazio Agentziak (ESA) Swarm izeneko hiru satelitedun misioa bidali zuen espaziora iazko azaroan eremu magnetikoen egoera aztertzeko. Eremu magnetikoak gure planeta inguratzen du, eguzki koroak bidaltzen digun kargadun partikulen zaparrada elektrikotik babesteko. Datu guztiak Babesten gaituen oskola ezagutu nahian artikuluan.

Oxfordeko Unibertsitatean eta Londreseko King Collegen Alzheimerra aztertzen diharduen ikerketa-talde batek, gaixotasunaren diagnostikoa errazteko aurrerapauso bat eman du. Ikertzaileok odol test baten bidez pertsona bat urtebeteko epean gaixotuko ote den antzemateko modua aurkitu dute. Odol testak %87ko doitasuna duela esan dute baina hala ere ikertzen jarraitu behar dute. Arantxa Iraola kazetariak kontatzen digu Berrian: Alzheimerrari aurrea hartzeko bidean, izpi bat.

Ana Galarragak bi gai jorratu ditu asteon Elhuyar aldizkarian. Lehenak nekazaritzarekin zerikusia du, artoarekin zehazki. Egun ezagutzen dugun artoa ez da orain dela mende batzuk ezagutzen zen berdina. Gaurkoa emankorragoagoa da. Baina, ez da intsektuei aurre egiteko gai lehengoak bezala, gaitasuna galdu baitu. Honi buelta emateko, Suitzako ikertzaile batzuek gaitasun hori itzultzeko lanean dabiltza, eraldaketa genetikoaren bitartez: Artoari berea itzultzen, eraldaketa genetiko bidez.

Artoa albo batera utzita, Ana Galarragak lorik ez egiteak dituen eraginak plazaratu zituen. Nazioarteko ikerketa-talde batek egindako lanaren arabera, badirudi, lo-gabeziak eragin antidepresiboa sor lezakeela. Ikertzaileek ikusi dute 24 orduz lorik egin gabe egonez gero, metabolito batzuen kontzentrazioa areagotu egiten dela, eta horien artean eragin antidepresiboa duten triptofanoa, serotonina eta taurina daude: 24 orduz lorik ez egiteak metabolismoan duen eragina ikertu dute.

Jon Ander Galarraga biologoak konpostajea du hizpide Konpostazank! blogean eta azken asteotan hainbat gai jorratu ditu. Oraingoan, urteetan egindako lanaren ondorioz erabili edota osatu dituen hitzen bilduma propioa dakarkigu: Konpost hiztegian. Bertan, estratifikazioa, tapoi anaerobikoak, adreilu nahastea eta beste kontzeptu batzuen esanahia ezagutzeko aukera dugu.

“Zergatik ez duzu gaixotasun honentzat zerbait aurkitu?” galdetzen diotenean Koldo Garcia biologiari, aitortzen du horren aurrean ez duela izaten erantzun zuzenik. Gaixotasunak ikertzeko orduan hainbat gauza izan behar dira kontuan, adibidez, oinarri genetikoa edo genomako aldaera. Eta, zein aldaerak sortzen ditu gaixotasunak, gutxitan agertzen den aldaerak edo ohikoak diren aldaera batzuen konbinazio jakinek? Honen erantzuna Edonola blogean, Mozkorrak bezala, giltzak bilatzen artikuluan.

Kruzero-misilak, ojibak, misilen aurkako ezkutuak, hiperabiaduradun planeagailuak…, arma-lehia bat ote da hau? Antoni Cantók teknologiaren aplikazioaz hitz egin digu Zientzia Kaiera blogean, abiadura supersonikoa duten planeagailuei buruz. AEB, Txina eta Errusia soinutik gorako abiaduradun planeagailuak garatzen ari dira, atmosfera barruan, soinutik gorako abiaduretan distantzia handiak egiteko gai diren planeagailuak. Interes handia dute gai honetan, baina zertarako balio ote du honelako aparailu batek? Erantzuna, Etorkizuneko guduetarako armak: soinutik gorako abiaduradun planeagailua artikuluan.

Eta errepasoa amaitzeko Unibertsitatea.net atarian Deustuko Unibertsitatean adimen artifizialaren eta sistema autonomoen esparrua lantzen duen ikertzaile gazte bati egindako elkarrizketa dugu. Gorka Azkuneri egindakoa. Adimen artifizialaren inguruan aritu da ikertzailea, diziplina horrek dituen ezaugarriak azaldu ditu eta etorkizun hurbil batean, makinen egoerari buruz hausnartu du. Gizakia menderatuko dute makinek, filmetan irudikatu ohi den bezala? Gorkaren ustez zaila da erantzuna, izan ere, adimen artifizialean eta bere inguruko diziplinetan oso urruti gaude oraindik.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.