Uztailaren 28an, duela 100 urte, gasaren gerra hasi zen

Dibulgazioa · Kolaborazioak

1914ko ekainaren 28an, txiripaz izan bazen ere [1], Gavrilo Princip gazte serbobosniarrak Frantzisko Fernando Austria-Hungariako artxiduke eta tronurako hautagaia tirokatuta hil zuen. Hilabete bat beranduago -justu duela 100 urte, 1914ko uztailaren 28an -Austria-Hungariak Serbiari gerra deklaratu zion horrek baldintza onartezinak zituen ultimatumari uko egin ondoren. Europako herrialdeen arteko itunen ondorioz, Sarajevoko atentatua gerraren sugarra piztu zuen txinparta izan zen, izan ere, 1914ko abuztu amaierarako Europan Gerra Handia abian zen. Lehen Mundu Gerra Europak ordura arte ezagutu zuen gerrarik suntsitzaileena izan zen eta amaitu zenean mundua zeharo desberdina zen. Lau inperio Europako mapatik desagertu ziren.

1. Irudia: Erdialdeko potentziak (gorriz), indar aliatuak (berdez) eta herrialde neutralak (horiz) [2].
1. irudia: Erdialdeko potentziak (gorriz), indar aliatuak (berdez) eta herrialde neutralak (horiz).
Gatazka mundu-mailakoa izan zen, bi bloke handi aurrez-aurre ipiniz [2]. Alde batetik, erdialdeko potentziek osatutako blokea zegoen -Alemania, Austria-Hungaria, Otomandar inperioa eta Bulgaria bilduz, besteak beste- eta bestetik indar aliatuek osatutakoa -Frantzia, Britainia Handia, Errusia, Italia, Estatu Batuak, Japonia, Serbia eta Errumania, besteak beste- nahiz eta herrialde guztiak ez ziren 1914an gerran sartu.

Gerra Handi hura 1918ko azaroaren 11an amaitu zen, Compiègneko bagoi batean -bide batez, bagoi horrek historia benetan bitxia du [3] -goizeko 5:12ean armistizioa sinatu zenean. Su-etena egun horren goizeko 11:11ean ezarri zen, alegia, 11. hilabetearen 11. orduaren 11. minutuan. Lehen Mundu Gerra Europak ordura arte ezagutu zuen gerrarik suntsitzaileena izan zen eta amaitu zenean mundua zeharo desberdina zen. Lau inperio Europako mapatik desagertu ziren -Alemaniarra, Austro-Hungariarra, Errusiarra eta Otomandarra-, horien ordez hainbat nazio berri sortu edo birsortu ziren -Austria, Hungaria, Txekoslovakia, Jugoslavia, Polonia, Finlandia, Ukraina, Estonia, Letonia, Lituania, Irak, Siria eta abar-, eta beste batzuk, muga-aldaketak jasan zituzten gerraren bloke irabazlean edo galtzailean egotearen arabera -Errumania, Italia eta Bulgaria kasu- [4]. Uztailaren 28tik kontatzen hasita 1.567 egun pasa zituen munduak gerran eta 10-12 milioi zibil eta 8-9 milioi militar hil ziren [5],[6]. Azken horietako 91.000ri buruz hitz egingo dizuet.

Arma berriak?

1914 urtearen amaierarako fronte gehienetan gerra lubakietan geldituta zegoen eta, ordutik aurrera etsaia garaitzeko estrategia berrietan pentsatzen hasi ziren bi blokeak. Britainiarrek ontzidi garrantzitsuagoa zutenez, Alemaniaren itsas-merkataritza blokeatu zuten. Horren ondorioetako bat, Alemania Txileko nitrato hornidurarik gabe geratzea izan zen eta nitratoak ezinbestekoak ziren lehergaiak eta munizioa egiteko. Alemaniak hori bazekienez, 1909an “nitrogeno proiektua” abian jarri zuen, aireko nitrogenotik amoniakoa, eta hortik nitratoak lortzeko. Fritz Haber-ek (2. Irudia) lortu zuen hori era eraginkorrean egiteko prozedura -1918ko Nobel saria irabazi zuen-, baina, 1917ra arte nitratoen ekoizpen industriala ez zen bideragarria izan [7].

2. Irudia: Fritz Haber-en argazkia, 1905ean. Irudia: Bundesarchiv, Bild 183-S13651.
2. irudia: Fritz Haber-en argazkia, 1905ean. (Argazkia: Bundesarchiv, Bild 183-S13651)

Alemaniak nitratoen krisia jasaten zuen bitartean, Erich von Falkenhayn Estatu Nagusiko buruak arma ez-konbentzionalak bilatzea eskatu zuen eta tinduen industrian aurkitu zituzten. Tindugintzan konposatu kimiko toxikoak erabiltzen ziren, hala nola kloroa eta fosgenoa, eta horrelakoak gerran erabiltzea pentsatu zuten. Bide batez, aipatu behar da konposatu kimiko toxikoak aspalditik erabili izan direla helburu militarrekin, baina, “adin-nagusitasuna” Lehen Mundu Gerran eskuratu zutela esan daiteke [8]. Hala ere, 1899ko eta 1907ko Hagako Konbentzioetan gas itogarri toxikoak zabaltzea helburu bakartzat duten jaurtigaiak (sic) erabiltzea debekatu zenez, hasiera batean nazio guztiek gerra kimikoari -oraingoz hitz hori erabiliko dut- uko egin zioten. Baina, gerraren desesperazioak jota, azkenean alemaniarrek o-dianisidin klorosulfonatoa aukeratu zuten Ni-Schrapnel jaurtigaiak egiteko. Konposatu horren toxikotasuna nahiko baxua zen eta narritadura eta doministikuak eragiten zituen nagusiki. Hagako Konbentzioa ez urratzeko, aipatutako Ni-Schrapnel jaurtigaiek konposatu toxikoaz gainera berunezko bolak zituen, izan ere, horrela jaurtigaiaren helburu bakarra ez zen konposatu toxikoa zabaltzea. Erdialdeko potentziek eta indar aliatuek antzeko konposatu kimikoak -negar-eragileak eta narritagarriak- erabili zituzten, hala nola xilil bromuroak, bentzil bromuroak, etil bromoazetatoa eta kloroazetona, baina, horien efektuak txikiak izan ziren eta ez zuten hildakorik sortu. Dena den, hasierako esperimentu horietan arma kimikoek indar handia izan zezaketela frogatzeko balio izan zuten, nahiz eta askoz toxikoagoak ziren konposatuak erabili beharko ziren. Bi blokeetan ikerketa asko egin ziren arma kimiko eraginkorrenak lortzeko: 3.000 substantzia inguru ikertu ziren eta horietako 30 erabili ziren gerran. Jarraian 3 aurkeztuko dizkizuet.

Lehen eraso kimiko masiboa: kloroa

Gas negar-eragileen ondorioak ikusita, Fritz Haber harrituta geratu zen kimikaren aplikazio horrekin [9]. Garai horretan Haberrek Lehengaien Saileko kimikako atalean lan egiten zuen eta, hainbat saiakuntza egin ondoren, gas eraginkorrena kloroa zela konturatu zen -izan ere fosgenoa baino ugariagoa zen Alemanian une horretan-. Haberrek etorkizunean Nobel saridunak izango ziren beste zenbaiten lankidetza ere izan zuen, esaterako, Otto Hahn, James Frank eta Gustav Hertz. Alemaniako Estatu Nagusiak Ypresko bigarren batailan -apirilaren 22tik maiatzaren 25era iraun zuena- erabiltzea erabaki zuen eta 1915eko martxorako ia 6.000 kloro bonbona prestatu zituzten frontean.

Bonbonak lurrazpian gordetzen ziren eta sakabanatze-hodiak bakarrik irteten ziren azalera, aldeko haizea noiz egon zain. 1915eko apirilaren 22an, bonbonak ireki eta 168 tona kloro askatu zituzten indar aliatuen lubakietan (3. Irudia). Gas erasoak ustekabean harrapatu zituen aliatuak eta izua zabaldu zen soldaduen artean. Gas-lainoaren aurrean zer egin jakin gabe, 5.000 soldadu hil eta 15.000 intoxikatu ziren kloroaren ondorioz. Alemaniarrek Hagako Konbentzioa ez zutela apurtu adierazi zuten, jaurtigaien ordez bonbonak erabili zituztelako. Bi hilabete beranduago, 1915eko ekainean, britainiarrek lehen gas erasoa egin zuten Looseko batailan, 150 tona kloro erabiliz. Kasu horretan erasoa ez zen hain eraginkorra izan, baina, efektu psikologikoa garrantzitsua izan zen. Bi armadak laster konturatu ziren gas erasoek soldaduen adorean zuen eragin latza: gasik gabe ere, gas-maskara une oro jarrita eduki behar izateak soldaduen eraginkortasuna murrizten eta ikara sortzen zuen [7].

3. Irudia: Gas toxikoaren sakabanatzea identifikatu gabeko Flandriako fronteko punturen batean. Argazkia: National Archives and Records Administration.
3. irudia: Gas toxikoaren sakabanatzea identifikatu gabeko Flandriako fronteko punturen batean. (Argazkia: National Archives and Records Administration)

Ikuspuntu kimikotik, aipatu behar da kloroak biriketako urarekin erreakzionatzen duela azido klorhidrikoa emanez. Ondorioz eztula, okadak eta begien narritadura sortzen ditu kontzentrazio txikian dagoenean eta 1.000 ppm-ko kontzentraziotik gora heriotza azkarra ekar dezake. Ikuspuntu militarretik, gasak kontrolatzea oso zaila zela konturatu ziren, haize aldaketa baten ondorioz gas-lainoak norabidea alda zezakeelako. Horretaz gainera, Ypresko erasoaren ondoren, pixkanaka-pixkanaka gasen aurkako maskarak erabiltzen hasi ziren lubakietan eta beste edonon, arma kimikoen eragina mugatuz.

5. Irudia: Umeentzat egindako gas-maskarak.
4. irudia: Umeentzat egindako gas-maskarak.

Gas hilgarriena: fosgenoa

1915eko udan, Kaiser Wilhelm Institutuan eta Fritz Haberren gidaritzapean, fosgeno gasa ikertzen ari ziren. Kimikoki, fosgenoa COCl2 molekula da (5. Irudia), gas koloregabe eta belar moztu berriaren usaina duena. Airea baino lau aldiz dentsoagoa da eta agente itogarria da, kloroaren gisara, baina kloroa baino askoz ere toxikoagoa da [8]. Fosgenoa biriketako albeolo-mintza zeharkatzeko gai da eta intoxikatu denari arnasestua eragiten dio; intoxikazioa handia bada, aldiz, birikak likidoz betetzen dira eta horrek heriotza dakar zenbait orduko latentziaren ondoren. Alemaniarrek erabili zuten lehen aldiz fosgenoa, 1915eko abenduaren 19an eta Lehen Mundu Gerran hildako gehien sortu zituen substantzia izan zen. Gas toxikoen eraginez hil zirenen %80-85a fosgenoaren ondorioz hil zela zenbatetsi da [7], [10].

Zenbait kasutan, fosgenoa edo kloroa bakarrik erabili ordez bi gasen konbinaketa erabiltzen zen erasoa eraginkorragoa izateko. Indar aliatuek ere gas-nahaste beldurgarria prestatu zuten, alemaniarrek masken-brecher izena jarri ziotena, alegia, maskara apurtzailea. Nahaste horrek %75 kloro eta %25 kloropikrina zuen eta bigarren konposatuaren helburua goragalea sortzea zen. Une horretan, soldaduak gas-maskara kendu egin behar izaten zuen eta orduan kloroa arnastuta intoxikatzen zen.

5. Irudia. Fosgenoaren egitura kimikoa: COCl2
5. irudia: Fosgenoaren egitura kimikoa: COCl2.

Substantzia beldurgarriena: ziape-gasa

1915-1916 urteetan bi armadek era inprobisatuan eta deskoordinatuan erabili zituzten gas toxikoak, baina, 1917tik aurrera gasen erabilpen-doktrinak garatzen hasi ziren eta gerra-toki gehienetan erabili zituzten. Gainera, lubakietan desgaste-gerra ez atzera ez aurrera zegoenez, geroz eta garrantzia handiagoa eman zitzaien arma ez-konbentzionalei. Zerrenda beltz honen hirugarren substantzia ziape-gas ezaguna da (6. Irudia). Ziape-gasa kimikoki bis(2-kloroetil) sulfuroa da eta bere usainagatik du izen hori. Iperita ere deitzen zitzaion, lehen aldiz Ypresko hirugarren batailan erabili zelako, 1917ko uztailaren 12an eta, hori ere, alemaniarrek erabili zuten lehendabizi.

6. Irudia: Ziape-gas edo iperita substantziaren egitura kimikoa: (ClCH2CH2)2S
6. irudia: Ziape-gas edo iperita substantziaren egitura kimikoa: (ClCH2CH2)2S.

Kloroa eta fosgenoa ez bezala, ziape-gasa agente besikantea da, alegia, azalean erredurak, ultzerak eta babak sortzen dituen substantzia [8]. Bestalde, izena ez da guztiz egokia, izan ere giro tenperaturan konposatu likidoa da eta ez gasa. Konposatu alkilatzailea da eta azaleko zelulak hiltzen ditu bertako uraren presentzian. Ur ingurunea behar duenez, gorputzeko zonarik hezeenak dira gehien kaltetzen dituenak, hala nola begiak, arnas-aparatua, axilak eta genitalak (7. Irudia).

7. Irudia: Ziape-gasaren ondorioak [11].
7. irudia: Ziape-gasaren ondorioak.
Ikuspuntu militarretik eraginkortasun handia zuen, izan ere, soldaduak hil beharrean -intoxikatuen %2-3 inguru hiltzen ziren- ezgaituta uzten zituen. Horrek baliabide gehiagoren kontsumoa suposatzen du, izan ere, zaurituen ebakuazioa eta tratamendua ezinbestekoa da. Hasiera batean gas-maskarak ez ziren ziape-gas intoxikazioa saihesteko gai eta intoxikazioen albo-ondorioek benetako izua sortzen zuten lubakietan. Are gehiago kontuan hartzen badugu, kasu askotan, intoxikatuak ez zirela ohartzen gasa arnasten ari zirela eta ondorioek 24 orduko latentzia izan zezaketela, hortaz, zenbait ordu pasatzen ziren erredurak edo itsumena agertu arte (8. Irudia).

8. Irudia: Itsu geratutako soldadu britainiarrak.
8. irudia: Itsu geratutako soldadu britainiarrak.

Lehen Mundu Gerrako fronteetan guztira 12.000 tona ziape-gas zabaldu zirela kalkulatzen da [12] eta gasen erregea izan zen. Eraginkortasun militarraren ikuspuntutik, etsaiari baja bat sorrarazteko 250 kg lehergai konbentzional edo 3-10 kg ziape-gas behar zirela kontuan hartzen badugu [7]. Aipatutako gasen laburpen interesgarria 9. irudian aurki dezake irakurleak.

9. Irudia: Lehen Mundu Gerrako arma kimiko garrantzitsuenen laburpena [10].
9. irudia: Lehen Mundu Gerrako arma kimiko garrantzitsuenen laburpena.

Balantzea eta gogoeta etikoa

Sarreran aipatu dudan bezala, Lehen Mundu Gerran 91.000 soldadu hil ziren gas toxikoen ondorioz; eta horietaz gainera, 1.300.000 baja inguru sortu zituztela kalkulatu da. SIPRIren (Stockholm International Peace Research Institute) arabera honako hauek dira gas-ekoizpen datuak: Alemaniak 62.000 tona, Frantziak 34.000, Britainia Handiak 23.000, AEBk 5.000 eta Errusiak 3.500 [13]. Bestalde, aipatu behar da bonbona eta jaurtigaietan bakarrik erabili zirela, eta ez zela gas toxikoen bonbardaketarik egon hirietan -ziurrenik teknologia oraindik garatu gabe zegoelako-. Hasiera batean bi blokeek Hagako Konbentzioa ez urratzeko nahia adierazi bazuten ere -trikimailuen bidez izan bazen ere-, 1916ko Verdungo batailan alemaniarrek fosgenoa nonahi erabiltzen hasi zirenean, aliatuek ere arma kimikoak erabiltzearen kontrako beldurra galdu eta beraiek ere gauza bera egin zuten.

Orokorrean, gas toxikoek ez zuten erabaki gerra nork irabaziko zuen -hildako soldaduen %1a bakarrik hil zen gasen ondorioz-, baina, garrantzitsuak izan ziren bataila askotan. Eta ez bakarrik hildakoak eragiteko gaitasunagatik, baizik eta gasek sortzen duten efektu psikologiko latzaren ondorioz.

Amaitzeko, arma kimikoen ikuspegi etikoa aztertzea ere derrigorrezkoa da -artikulu bikain honetan ere informazio gehiago eskura dezake irakurleak [14]-. XIX. mendean arma kimikoak ez zirela “gizatiarrak” esaten zen eta, ildo horretatik, Hagako Konbentzioetan arma kimikoen aurkako hitzarmenak ezarri ziren. Lehen Mundu Gerran, eta batez ere horren ondoren, gas toxikoak erabiltzearen aldeko eta aurkako argudioak agertu ziren, arma kimikoak gizatiarrak ziren ala ez erabaki behar zenean. Izan ere, ez da erraza arma kimikoak immoralak direla argudiatzea. Fritz Haber berak, arma kimikoak konbentzionalak baino hobeak zirela zirela esaten zuen eta aliatuen artean ere, baziren gas toxikoen aldekoak. Zergatik ziren immoralak gasak eta ez lehergailuen bitartez sakabanatutako metal puskak? Ez dugu ahaztu behar Hagako Konbentzioak hegazkinetatik jaurtitako bonbak eta urpekuntzien torpedoak ere debekatzen zituela.

10. Irudia: OPCWren hitzarmena [15].
10. irudia: OPCWren hitzarmena.
Egun, OPCWren (Organisation for the Prohibition of Chemical Weapons) arabera (10. Irudia) [15], arma kimikoak dira, besteak beste, substantzia kimiko toxikoak (sic) -Paracelsok dosis sola facit venenum esango luke orain-. Era berean, substantzia toxiko horiek “bizi-prozesuetan duten eragin kimikoaren ondorioz heriotza edo ezgaitasuna eragin dezaketen substantziak” dira. Definizio horren arabera, obus baten jaurtigaia edo hegazkin baten bonbardaketa arma kimikoak direla esango nuke. Beraz, nire iritziz nekez erabaki liteke arma mota bat ona edo txarra den. Are gutxiago armak kimikoak diren ala ez, izan ere, ba al da kimikoa ez den armarik? Kloroa, fosgenoa, ziape-gasa… guztiak dira gaitzesgarriak, baina baita balak, bonbak, bolbora eta beste guztiak ere. Arazoa ez da armena, kimikarena edo zientziarena, gizakiena baizik. Eta zoritxarrez uste dut, eguneroko albisteek berresten duten bezala, gerra gizakiari datxekion ezaugarria dela.

Erreferentziak:
[1] G. Ugidos: Chiripas de la Historia, La Esfera de los Libros (2013) 200-219.
[2] mapsoft.net
[3] cultura.elpais.com
[4] History Channel: La Gran Guerra, La Primera Guerra Mundial al Descubierto, The History Channel Iberia B.V. (2013).
[5] A. Astorri, P. Salvadori: Atlas Ilustrado de la Primera Guerra Mundial, Susaeta (2002) 160-161.
[6] I. Westwell: I Guerra Mundial, Día a Día, 1914-1918, Libsa (2002) 184-185.
[7] R. Pita: Armas Química, La Ciencia en Manos del Mal, Plaza y Valdés (2008).
[8] J.A. Martínez Pons: Armas Químicas: Qué Son y Cómo Actúan, Anales de la Real Sociedad Española de Química, 102 (2006) 55-64.
[9] D. Charles: Between Genious and Genocide, Jonathan Cape (2005).
[10] compoundchem.com
[11] militaryhistorynow.com
[12] A.M. Prentiss: Chemicals in War, McGraw-Hill (1937) 199.
[13] SIPRI: The Problem of Chemical and Biological Warfare, Volume 5, Almqvist &Wiksell (1971) 165.
[14] A. Santisteban: Las Dos Caras de la Ciencia y una Guerra que Cambió el Mundo, abaritz.com (2014)
[15] OPCW


Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

5 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.