Asteon zientzia begi-bistan #33

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: J Adam Fenster/University of Rochester/Reuters
Argazkia: J Adam Fenster/University of Rochester/Reuters

Philae da bere izena, bai. Ezaguna egiten zaizuela? Normala, asteko protagonista nagusia izan baita. ESAk (Europako Espazio Agentzia) 2004an bidali zuen espaziora Rosetta zunda. Ibilbide korapilatsua egin ondoren 67P/Churyumov-Gerasimenko kometara ailegatu eta barnean daraman Philae modulua askatu du asteon kometaren gainean kokatu dadin. Rosettaren azken misioa izango dena, 2015era arteko biziraupena izango baitu, atentzioz eta irrikaz jarraitu da egunotan. Philaek lortu du bere helburua, kometaratzea. Finkatuta zuen tokian ez badago ere, ESAk operazio arrakastatsua izan dela adierazi du eta modulua hasi da lanean, azterketa zientifikoei hasiera emanez. Aurrera joko du bateriak agortu arte, izan ere, arazoetako bat da itzalean geratu dela eguzki-panelek ez dute behar den beste argirik jasotzen.

Rosettak Egiptoko estela famatu baten izenaren omenez du izendapena eta Philaek Nilo ibaian zegoen irla baten omenez. Irla urpean dago egun, baina urperatu aurretik, bertan zeuden tenpluak desmuntatu eta Agilkiako irlan eraiki zituzten. Hori berori da, Agilkia, Philae pausatu behar zen puntuaren izena.

Rosetta eta Philaeren abentura jarraitu dute Elhuyar aldizkariko Ana Galarragak eta Eider Cartonek, gertatu den guztiaren xehetasunak uneoro eskainiz. Baita ere Berria egunkariak eta Arantxa Iraola kazetariak. Lehen unean dantza perfektu bat ematen zuen operazio astronautikoak eten bat izan du, egun lo baitago Philae, bateria faltagatik.

Espazioko abenturak albo batera utziz, izan ditugu ere hainbat gai interesgarri sarean. Berrian, besteak beste, Ainhoa Larrabek emakume zientzialarien lanak izan duten ikusgarritasun ezari eta hauek pairatu diskriminazioaz hitz egin digu: Ezagutzan aritu diren ezezagunak. Eta horrekin lotua, Uxune Martinezek Zientzia Kaieran, hainbatentzako ezezaguna den emakume zientzialari nafar baten historia hurbildu digu: Josefa Molera Mayo (1921-2011): Izabatik kimikaren historiara.

Historiarekin jarraituz Nagore Irazustabarrenak Argia aldizkarian, pil-pilean dagoen gai bati ekin dio, ustelkeriari. Horretan ere badaude aitzindariak. Kristo aurretik bizi zen pertsonai baten kasua dakarkigu, zuzentasunagatik nabarmendu zen politikaria bat eta historiako lehenengo ustelkeria kasuetako baten protagonista izan zena: Demostenes, politikari ustelen aitzindari.

Animaliei egingo diogu so jarraian. Amaia Portugalek Kantauri itsasoan azken egunotan azaldu diren arrain bitxi batzuei erreparatu die: globoarrainak. Ez dira ohikoak gure uretan. Zonalde epeletan egoten baitira baina hego-haizeak eta korronteak ekarri dituzte hainbat ale. Dozena bat baino gehiago arrantzatu dituzte eta bereziak dira puxika eta pozoia gordetzen dituen arraina baita. Zientzia Kaiera blogean globoarraina, lagocephalus lagocephalus.

Arrainetatik hegaztietara. Araitz Muguruzak Berrian Ecology Letters aldizkariak jasotako datu kezkagarriak argitaratzen ditu. Honen arabera, 421 milioi txori hil dira azken 30 urteetan Europan, batez ere, nekazaritza ustiaketa industrialen eraginez. Habitatak degradatuz joan dira eta joango dira, ondorioz, gure txorien kantua isiltzeko bidean da.

Eta gure errepasoari amaiera emateko hona hemen bi gai interesgarri. Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian, semenak GIB birusaren kontrako mikrobiziden eraginkortasuna nabarmen murrizten duela frogatu duen nazioarteko ikerketaren berri ematen digu. Jon Mattin Matxainek, DIPCko ikertzaileak, kimikaren historiari buruz idatzi duen artikulu-sorta bukatu du asteon Zientzia Kaiera blogean. Egun, kimika laborategiak nolakoak diren azaldu digu azken artikulu honetan eta baita ere, gaur egungo kimika, esperimentala eta teorikoa dela: Gaur egungo Kimika, esperimentala? (IV) XXI. mendeko laborategiak.

Autoa hartu eta bagoaz! Datorren igandean bueltatuko gara. Hori bai, ezin dizuegu esan zer nolako ibilgailua hartuko dugun bidaia egiteko. Agian, Penélope Glamour, Macana anaiak edo Pier Nodoyuna eta bere Patán txakurraren auto ero bat erabiliko dugu. Makina harrigarriak benetan. Egun ere badaude tresna harrigarriak: neurona-sareetan oinarrituriko algoritmoen inplementazioari esker nabigatzen duen Sirena, torpedo antzeko urpekoa. Edota, kilo bat baino gutxiago duen FemtoXat nanosatelitea. Duda barik, mugarik gabeko ingeniaritza. Javier San Martín kazetariaren artikulu interesgarria Zientzia Kaiera blogean.

–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.