Naiara Rodriguez: itsas ingurunea sakon ezagutzeko lanetan diharduen biologoa

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Naiara Rodriguez Ezpeleta Durangon jaio zen 1978. urtean. Gaztetik argi zuen biologia, albaitaritza edota zientziako arlo horietako zerbait ikasiko zuela. Animaliak gustuko ditu eta etxean txakur eder bi ditu. Baina jakin-mina gauza txiki-txikiek pizten diote, mikroorganismoek. Ikasten hasi zenean bere burua laborategian ikusten zuen lanean.

Naiara Rodriguez biologoa eta AZTI-Tecnaliako Ekologia Molekularra taldeko ikertzailea.
Naiara Rodriguez biologoa ikasi zuen UPV/EHUn, Biokimikan doktoratu zen Montrealeko Unibertsitatean eta gaur egun, AZTIko Ekologia Molekularra taldeko ikertzailea da.

UPV/EHUn biologia ikasi zuen. Behin amaituta, Montrealeko Unibertsitatean bost urte eman zituen ikertzen eta 2007an biokimikan doktoratu zen “Une approche phylogénomique pour inférer l´évolution des eucaryotes” tesiarekin. Newcastleko Unibertsitatean urte bete eman zuen ere ikertzen eta egun, Naiara Rodriguezek AZTIko Itsas Ikerketa saileko ekologia molekularra taldean dihardu lanean, itsas ingurunearen azterketa genomikoa gauzatzen. Ez da bere ardura bakarra, azken urteotan Workshop on Genomics nazioarteko jardunaldien zuzendarikidea ere bada ikertzaile durangarra.

Gustukoa du egiten duena. Gauetan, afalostean, sarritan telebistako pantailari so egin beharrean ordenagailukoari egiten dio, martxan dituen datu-analisiak nola doazen ikusteko. Hemendik hogei urtera ere, egiten duena egitea nahiko luke.

.- Biologia ikasi zenuen eta behin bukatuta ikertzea erabaki zenuen. Zer dela eta?

Lagun asko, behin ikasketak amaituta, irakasle lanetan hasi ziren baina nik ez nuen ikusten nire burua klaseak ematen. Ikertzaile bezala lan egitea nahi nuen, horretan murgildu nahi nuen. Beraz, galdetzen hasi nintzen unibertsitatean bertan, han eta hemen, eta ulertu nuen horretan hasteko bidea tesia egitea zela.

.- Zeri buruzko tesia egin zenuen?

Tesi lanean bizitzaren sorrerarekin zerikusia zuten galderei erantzuna ematen ahalegindu nintzen. Badakizu, bizitzaren jatorria zein zen jakin nahi nuen, zelula eukariotoaren oinarria, mitokondriarena zein zen… Eta azkenean lortu nuen galderaren bati erantzuna ematea. Nire tesiko aurkikuntzarik handiena izan zen eukarioto fotosintetiko guztiak arbaso bakar batetik datozela ikustea. Emaitza hori argitaratu genuen artikuluak hainbat aipu izan ditu urteotan, eta pozik nago. Egia esan beste emaitza batzuk ere lortu genituen tesiarekin baina zaila zen nire sorrerako galdera filosofiko haiei erantzuna ematea. Izan ere, mitokondriaren jatorria zein den azaltzea ez da erraza.

.- Tesia kanpoan egin zenuen, Montrealeko Unibertsitatean. Zer aurkitu zenuen bertan?

Bost urte eman nituen tesia egiten Quebecen. Nire esperientzia bertan ona izan zen. Lehenik eta behin, dirua zegoen ikerketa egiteko eta hori pentsaezina da egun. Nahi duzun ikerketa egin ahal izatea finantziazioa badagoelako eskertzekoa da. Bestalde, nazioarteko ikertzailez inguratua nengoen eta hori oso aberasgarria izan zen niretzat. Beste toki batzuetan zelan egiten den lan ezagutzeko baliagarria da kanpora joatea eta beste ikerketa-talde batzuek ezagutzea beraien dinamikak eta metodoak nolakoak diren ikusteko.

Tesia bukatu eta gero Erresuma Batura joan nintzan, Newcastleko Unibertsitatera. Bertan urtebete naramala Euskal Herrira bueltatu nintzen tarte bartez eta lanean hasteko aukera izan nuenez, bertan gelditu nintzen.

.- CIC bioGUNEn hasi zinen lanean. Zer egiten zenuen bertan?

Datu-analisiak egiten hasi nintzen. Nire lantaldean bazegoen genomika plataforma bat, sekuentziazioa egiten zuena eta nire lana zen datu horiek aztertzea. Bertan asko ikasi nuen, izan ere, zentro teknologikoak hainbat zerbitzu ematen zituen eta aztertzen nituen datuak askotarikoak izan ziren: giza genomarenak, bakterio jakinenak eta beste hainbesteren datuak ere.

.- Esan dezakegu biologo konputazionala zarela?

Nire kasuan, nire ikerketako lerro nagusia galdera biologikoei erantzuna ematea da, ez tresna informatikoak garatzea. Nik ez ditut programa azkarrak egiten edota algoritmo oso konplikatuak. Izan ere, fitxategi handiekin lan egiten dut eta datuak atera nahi ditut hortik. Lan hori aurrera eramateko programa txikiak egiten ditut. Egia da informatikaz tresna gisa baliatzen naizela, eta bakoitzak bere definizioa duela baina nik neuk nire burua bioinformatikotzat hartzen dut gehiago, biologia oinarrian dudalako.

.- CIC bioGUNEtik AZTIra joan zinen lanera. Nolatan?

CIC bioGUNEn beste ikertzaile batzuek egindako ikerketen datuak aztertzen nituen eta nik faltan botatzen nuen nire proiektuak izatea, eta erantzun beharreko neure galdera zientifikoak izatea ere. Egun baten eskaintza bat ikusi nuen eta harrigarria bazen ere, laneko eskaintza hura ni nintzen, ni deskribatzen ninduen. Beraz, curriculuma bidali nuen, elkarrizketa egin eta bertan nago lanean duela hiru urte.

.- Zer egiten duzu egun AZTIko Itsas Ikerketa sailean?

Ekologia molekularra deritzogun arloan ari naiz lanean. Itsas ingurunearen kudeaketan lagungarriak diren analisi genomikoak egiten ditugu. Itsas ekosistemen funtzionamendua ezagutzen ahalegintzen gara lehenik eta ahalegin horretan, ateratzen ditugun datuekin kudeaketa hobetzea da gure helburua. Adibidez, hainbat tokitan dauden arrainen populazioak genetikoki berdinak edo desberdinak diren aztertzen dugu. Populazioa bakarra diren edo ez jakiteko. Hau gero, arrantzaren kudeaketan aplikatzen da.

Izan ere, arrantza kuotak edo hilkortasun tasak aplikatzen dira erregio edota arrainen populazioen arabera, eta gure lana da jakitea arrainen populazioek biologikoki zentzua duten edo ez, eta hori genetikoki ikus daiteke. Genetikako taldeak ematen dituen datuak beste talde batek jaso eta honen arabera, kalkuluak egiten dituzte arrantza arloan gestio proposamenak lantzeko. Gure ikerketa aplikatua da baina aplikatuen artean oinarrizkoena.

Bestalde, itsas ingurumenaren kudeaketa ere gauzatzen dugu. Adibidez, sedimentuak hartzen ditugu eta genetikoki zer nolako organismoak dituzten aztertzen ditugu. Organismo horien arabera, jakin dezakegu kutsatuak dauden edo ez.

.- Zelakoa da AZTIko ekologia molekularra taldea?

Taldea ia sortu berria da. Duela hiru urte hasi ginen lanean. Egun bost pertsonak osatzen dugu eta itsas ekosistemen taldearen baitan gaude kokatuak. Izan ere gure lana, hein handi batean, itsasoko ekosistemetan zer gertatzen den antzematea da. Lanerako, hainbat erreminta erabiltzen ditugu, besteak beste superordenagailu txiki bat dugu datuen azterketa egiteko.

.- Zein da zure lanarekin bete nahiko zenukeen helburua?

Gustatuko litzaidake sortzen ditugun tresnak eta metodologiak erabilgarriak izatea eta itsasoko kudeaketan eragina izatea. Adibidez, analisiak merkeagoak egiteko aukerak sortuz, itsasoko datuen monitorizazio hobeagoak garatuz edo orain neurtu ezin diren gauzak neurtu ahal izateko erremintak eskainiz. Hori guztia helburu bakar batekin, itsasoaren ustiapen jasangarri batera iristea. Izan ere, zenbat eta sakonago ezagutu itsasoa, zenbat eta hobeto ulertu berau, hobeto kudeatuko dugu ingurune hori.


Egileaz: Uxune Martinez (@UxuneM), Soziologian lizentziatua da eta egun, Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseko arduraduna da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.